Irakasleria

on miércoles, 14 de enero de 2009

Tutorea egokitzea

Ikasle-talde baten tutorearen eginkizunak ongi zehaztuta daude Lehen Hezkuntzako Orientabide eta Tutoretzari buruzko dokumentuetan eta Haur Hezkuntzako Gurasoekin Lankidetzan izeneko dokumentuan.
Eginkizun horiek berdin aplika daitezke garun-paralisia duen haur bat dagoen taldeari ere. Hala ere, beste dimentsio bat hartuko dute eginkizunek; izan ere GPdun haurra dagoen taldeak halako berezitasun bat izanen baitu. GPdun ikasle batekin egin beharreko tutoretza lanak berekin ekarriko du tutorea haur horri egokitzea, hezkuntzako erantzuna haren beharretara moldatzeko eta eskola-komunitatea osatzen dutenen arteko harreman egokia laguntzeko: irakasleak (adituak), ikasleak eta gurasoak. Bide horretan, komenigarria izanen da tutoreak ondoko baldintzak betetzea:
– Ezagupen orokorrak izatea garun-paralisiaz eta ikasketan dauzkan ondorioez.
– Taldeak haurrarekiko jarrera positiboa izan dezan estrategia egokiak erabiltzea (taldekatze ezberdinak, tutoretza jarduerak, taldearentzako errefortzuak...).
– Une jakin batzuetan beste irakasle bat (hezkuntzako laguntzailea, fisioterapeuta, logopeda...) ikasgelan egon dadila onartzea.
– Adituen jardunari buruzko orientabideak onartzea.
– Bere burua egokitzea berariazko materiala erabiltzera eta altzari egokituak edukitzera.
– Teknologia berriak (ordenadoreak, konmutadoreak, communicator kanona...) ezagutu eta erabiltzea.
– Adituekin bilerak edo lan saioak egitea ordutegiak zehazteko, baterako programazioak egiteko, materiala prestatzeko...
– Programazioa praktikan jartzerakoan, kontuan hartzea GPa duen haurra ikasgelatik kanpo egon ohi dela, gainerako adituekin bakarkako laguntza jasotzeko.
– Gainerako adituek ikasleari buruz duten informazioa koordinatzea.
– Hartu-eman errazak ezartzea mugimenduzko hezkuntza premia bereziak dituen ikaslearen familiarekin, ondoko helburuak betetzeko:
• Informazioa biltzea (onarpen prozesua, egoera emozionala,
kontuan hartu beharreko inguruabarrak...).
• Hezkuntza prozesuari buruzko eta egin beharreko egokitzapenei
buruzko informazioa ematea.
• Ikasketak orokorragoak izateko laguntza eskatzea (banakako
autonomia, KSA-aren erabilpena, motrizitatea lantzeko jolasak...).
• Orientabideak ematea aisialdiko motrizitate-jarduerei buruz.
• Laguntza eskatzea materialetan egokitzapen txikiak egiteko.