Ikasgelako aldaketak

on miércoles, 14 de enero de 2009

Ikastetxeko Curriculum Proiektuan erabakiak hartzerakoan kontuan hartzen badira hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak, ikasle horiek curriculum arruntean egoteko bidea erraztuko da.
Ikastetxe mailan egokitzapenak egiten badira, txikiagoak izanen dira ikasle-talde baten programazioa egiterakoan ikasle batentzat egiteko diren egokitzapenak.
Litekeena da ez Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuan eta ez Ikastetxeko Curriculum Proiektuan aintzat ez hartzea garun-paralisia duen haurra, edo, bestela, horri buruzko azterketa azaletik baizik egin ez izana.
Horrek ez du zertan oztopo bat izan ikasgela eta ikasle mailan behar diren aldaketak egiteko. Kasu horretan, zehaztapen maila horietan egindako aldaketak etorkizunean Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuan eta Ikastetxeko Curriculum Proiektuan egin beharreko aldaketen oinarri izanen dira, ikastetxeko mugimenduzko ezgaituen arretari dagokionez.
Arestian aipatu egokitzapenek, ikastetxeari dagozkion horiek, hezkuntzako eskuhartze integratzailea erraztu nahi dute. Ikasgela mailan –hau da, zehaztapeneko hirugarren mailan– definitu beharko da programazio ezberdinetako hezkuntza lana. Programazio horiek –zabal eta malguak izaki– tokia izanen dute banakako egokitzapenak biltzeko.