Musikaren eragina gure gaztetxoetan

on martes, 30 de diciembre de 2008

Depresioa, antsietatea, Alzheimer gaitza, autismoa... ez da harritzekoa era honetako gaitzen erremedioaren bila mediku batetik bestera noraezean ibiltzeaz asperturik, askok eta askok medikuntza tradizionaletik kanpoko tratamendu alternatiboetan sendabidea edo minak arintzeko bidea bilatzea.
Musikoterapia dugu aukera ez ofizial horietako bat. Musikan eta terapian oinarritua, baliagarri agertu da aipaturiko gaixotasunak eta antzekoak dituztenentzat; eta heziketa mailako ezgaitasunak konpondu eta gaixoak bergizarteratzeko bideak jartzen ere laguntzen du.
Azken hogei urteotan, disziplina ezezaguna eta ukitu esoteriko samarrekoa izatetik, estatuko zenbait unibertsitatetako ikasketa planetan leku bat izatera iritsi da musikoterapia. Urteotan espezialitate hau egin dutenen esanetan, musikoterapiaren arrakastaren oinarria "musikak askatzen duen sentimendu oldea da, pertsona-barruaren eta terapeutaren arteko komunikazio-kanal indartsua delako, hitza sekula iristen ez den lekuraino iristen baita". Ikuspegi honetatik, musikoterapia eremu zabal-zabal batean ezar daitekeela defendatzen dute, hiru fronte hartuta: sendatzeko lekua (eskolak, ospitaleak, geriatrikoak, eguneko zentroak...), gaixotasun edo arazo mota (psikikoak, buru-urritasunak, ikasketa prozesuko ezgaitasunak, drogamenpekoen errehabilitazioa...) eta jarraitu beharreko tratamenduak (entzuketa selektiboa, inprobisazioa, aktuazioa, konposizioa, mugimenduak, ahozko ariketak, artearekiko esperientziak...). Laburbilduz, soinua, musika eta mugimendua zientifikoki aplikatzea da musikoterapia, entzumena eta soinuaren exekuzioaren bitartez komunikazioa bideratu, espresio indibiduala bultzatu eta integrazio soziala eragiteko.